viernes, 27 de abril de 2007

Arrosaren lurrina eta oroimena


Usainek memoria pizteko eta oroitzapenak azaleratzeko ahalmena dute. Bestalde, loaldian gertatzen diren hainbat prozesu ezinbestekoak dira oroitzapenak iltzatzeko. Zientzialariek ez dute guztiz ezagutzen ez usaimenak ez loak oroimenean duten eragina, baina arlo horretan lan egiten duten neurologo alemaniar batzuek ikerketa interesgarri bat argitaratu dute: ikasten eta lotan ari zirela arrosaren lurrina zabalduta, hainbat boluntarioren oroimena hobetzea lortu dute.


Science zientzia-aldizkari ospetsuan plazaratu dute ikerketa, eta edonorentzat interesgarria izanagatik, ziur aski are interesgarriagoa izango da ikasleentzat. Hain justu, medikuntza-ikasleekin egin dute esperimentua neurologoek. Ikasleei memoria-joko bat eginarazi zieten ordenagailuan: pantailan agertzen ziren karten kokapena gogoratu behar zuten.
Ariketa egiten zuten bitartean, ikasleei arrosaren lurrina helarazi zieten, horretarako jantzita zuten maskararen bidez. Garuna inguruko usainetara laster egokitzen denez eta berehala ohartzeari uzten dionez, lurrina ufaka iristen zitzaien.
Ariketa egin eta ordu erdi geroago, ikasleak lotara joan ziren. Loaren fase jakin batean, ikasleen erdiei arrosaren lurrina eman zieten usaintzeko. Besteek usain berezirik gabe egin zuten lo. Hurrengo egunean kartak non zeuden galdetu zieten, eta amets lurrintsuak izan zituztenek kokapenen % 97 gogoratzen zituzten. Arrosa-usainik gabeko gaua igaro zutenek, aldiz, kokapenen % 86 asmatu zituzten.Aldea nabarmena da, eta horrekin frogatu zuten usain batek, kasu honetan arrosa-lurrinak, memoria sendotzeko balio duela. Baina hori ez zen nahikoa; horren atzean dagoen mekanismoa ezagutu nahi zuten ikertzaileek.

No hay comentarios: