sábado, 5 de mayo de 2007

Bertsolaritza



'Atera!' jaialdia antolatu dute, inprobisazioa ardatz hartuta



Goierriko Bertso Eskolaren 25. urteurrenaren harira ekitaldi ugari izango da. Inprobisazioa izango da Atera! jaialdiaren zutabea. Hiru hilabetetan zehar, uztailera bitartean, ekimen ugariren bitartez kalera aterako dituzte hainbat espresiobide: bertsolaritza, antzerkia, musika...




Atera! jaialdia atzo aurkeztu zuten Beasaingo Igartza jauregian. Aurkezpenean izan ziren Aitor Sarriegi bertsolaria eta Goierriko Bertso Eskolako irakaslea, Jon Aldanondo Goierri Telebistako zuzendaria, Iñaki Apalategi bertsolaria, Igor Eguren kazetaria eta Aitor Calvillo Goierriko Bertso Eskolaren ordezkaria. Apalategi antolatzaileak jaialdiari buruz azaldu zuenez, «betiko eskemetatik» atera nahi izan dute jaialdia. «Inprobisazioa sozializatzea da helburua. Jendeak barruan duena ateratzea nahi dugu; hortik izena: jendeak lotsa galtzea eta barruan zer duen erakustea nahi dugu». Emanaldi guztiak dohainik izango direla nabarmendu du Apalategik, eta «erronka handia» izan dela nabarmendu. Atera! jaialdiaren baitan askotariko ekimenak izango dira. Horien artean bertsozaleen herri arteko txapelketa jokatuko da. Telebistan, berriz, umeentzat beste lehiaketa bat izango da. Goierri Telebistak emango du lehiaketa eta Iñaki Apalategi eta Aitor Furundarena izango ditu aurkezle, ahozkotasuna eta inprobisazioa landuko dituen saioan. Lehiaketa dibertigarria egitea dela helburua azaldu dute. Hamabi urteko 16 umek parte hartuko dute; asteazkenetan emango dute telebistan. Finala Beasaingo Usurbe Antzokian izango da ekainaren 23an. Irailerako, bestalde, Igor Eguren liburua ari da prestatzen Goierriko Bertso Eskolaren inguruan, eta uda ondorenerako bukatuta izango duela adierazi du bertsolari eta kazetariak. Liburuak bertso eskolaren 25 urteotako errepasoa egingo du elkarrizketei tarte berezia eskainiz, eta Goierriko Bertso Eskolatik pasatu diren bertsolarien ezaugarriak nabarmenduz. Atzoko aurkezpenean parte hartu zuten bertsolariek eta bertsozaleek goierritar denak gonbidatu zituzten datozen hilabeteetarako prestatu dituzten emanaldietan parte hartzera, bakoitzak egitarauan bere gustuko zerbait aurkituko duelakoan.

No hay comentarios: