
Harrigarria badirudi ere, NASAk neurri-unitate anglosaxoiak erabiltzen ditu, hau da, miliak, hazbeteak, oinak, librak... Ez beti, hala ere, batzuetan sistema metrikoa ere erabiltzen baitu; areago, biak nahasita ere erabiltzen ditu hainbat misiotan. Hemendik aurrera, ordea, Ilargiko misioetan sistema metrikoa bakarrik erabiltzea erabaki du NASAk.
Izan ere, unitate-sistema biak nahasita erabiltzeak ondorio latzak ekar ditzake. Hori garbi gelditu zen, adibidez, Marteko orbitatzaile klimatikoa galdu zenean. Nonbait, neurriak nahasteagatik gertatu zen akatsa: propultsatzailea aktibatzeko informazioa eman zuen kontratistak unitateen sistema anglosaxoia erabili zuen, eta NASA, berriz, sistema metrikoan ari zen lanean.
NASAk hartu duen erabakiarekin, beraz, desagertu egingo da halako akatsak izateko arriskua, Ilargiarekin zerikusia duten misioetan behinik behin. Beste ondorio onuragarri batzuk ere ekarriko ditu, gainera. Esate baterako, ilargia helburu duten beste espazio-agentziekin elkarlanean aritzea erraztuko du.
No hay comentarios:
Publicar un comentario